XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Igorpen-modua, igortzeko erabiltzen den kanala, ez zaio arrotza berbaldi literarioari.

Azken finean, ahozko mundua eta idatzia bi mundu desberdin dira, bakoitzak bere ezaugarri bereizleak ditu.

Etxeparek eta Ziburuko Etxeberrik idatzi egin zituzten beren sortze-lanak eta liburua bide ezagutzera eman, baina nahiz batak, nahiz besteak kantura jotzen zuten zabalkunderako.

Testua euskarri izan gabe kantuaren bidez zabaltzen ziren bertsoetatik liburua euskarri duten hauetara dagoen aldea ez da hutsala.

Jakina, ez gaude ahozkotasunean.

Besteak beste, egile ezaguna dugu, bere horretan gordetzen den eta bere horretan gordetzea bilatzen den mezua, aldaerarik ez duena, batasun baten azpian ehotako poema-sorta... baina, bestalde, ez gaude, ezta ere, garbi-garbi mundu idatziaren konbentziotan, besterik ez bada ere, mundu honen konbentzioen barnean irakurtzera zuzendua egotea onartzen delako.

Testua euskarri duela ala euskarri horretara jo gabe nahiz eta alde hori ez den nolanahikoa, jadanik azaldu dugunez euskal hitz-neurtua historikoki bereziki entzumenera zuzendu da eta zuzentze-modu hau egilearen asmo izateak testua (euskarri hau ez duen berbaldiarekin kidetasun maila bat gordeaz) jasotzeko modu horri egokitzea ekarri du, eta horrenbestez, hartzeko modu horrek funtziona dezan beharrezko diren baldintzen barnean taxutu behar berbaldia.

Euskal hitz-neurtuak bereziki bide hauek landu ditu, historikoki behintzat.

Ez dira euskal hitz-neurtuak bakarrik landu dituenak, baina, bere ingurunean ez bezala, badira ia-ia soil-soilik landutakoak.

Bestela esanda, ingurune horrekiko alderaketak zera erakusten digu: inguruko literatura hauetan garapena duen banakako irakurketara bideratutako testuaren gabezia edo erabateko urritasuna euskal literaturan.

Arnaut Oihenartek proposaturiko bideak eta berak O.ten gastaroa neurthizetan zabaldu nahi izan zuen ildoak porrot egin zuen, honako zentzu honetan behintzat: bere prezeptiba euskal bertsoak behar zuena izan ala ez, paratu zituen poemak goi-mailakoak izan ala ez, azpi-azpian banakako irakurketara zuzenduriko hitz-neurtua aldarrikatu eta paratu nahi izan zuen Oihenartek eta jasotzeko modu horretara bideratutako hitz-neurtua ez zen landu ia euskaraz bi mende luzeren buruan.

Fikzioa: batipat ahozko munduaren esparru izenburupean irekitzen genuen atala, honako hau adierazi nahian: irudimen munduak sortutako tramankuluetan testua/banakako irakurketa harremana falta dela euskal literaturaren sisteman.

Hutsune honek markatzen du gure sistema bere ingurukoekin alderatzean.

Mundu idatziko gure kontaketa erkaketa-mailan berankor moduan itxuratzen zaigu.

Hitz-neurtuak deskribaturiko egoera erakusten du.

Antzerkia antzezpenari eta ikuskizunari lotua dago, ez banakako irakurketari; baina, dena den, antzerki hau ere ez da praktikan herri-antzerki izatetik igarotzen.

Honenbestez, azalduriko ikuspegiaren barnean, euskal fikzioaren esparrua ahozko munduari lot dakiokeelakoan gaude.

1.2. Jakintza-alorra, batipat mundu idatziaren esparru

Hainbat eta hainbat literaturatan bezala fikziozkoa ez den testu batez eman zitzaion hasiera euskal prosari.

Erkaketa gaitzat hartu ditugun inguruko literaturek, nola esparru erromanikoan, hala anglogermanikoan ere, ha!a erakusten dute.

Albreteko Joana Erreginaren eskariz Joannes Leiçarragak eginiko Bibliaren itzulpenak jarriko ditu hastapenak.

Euskal literatura inguratzen duten beste literaturek denbora labur baten harian prosazko eskaintzaren esparrua zabaltzera jo zuten.

Euskarazkoak, aitzitik, luzaroan jarraituko du horiek hautsitako zenbait hesi hautsi gabe.

Alderaketak agerian uzten duena zera da: inguratzen gaituzten hizkuntzetako literaturek ere egiaren eta irakatsiaren kategoriei lotutako testuez jaio zirela prosara, baina handik lasterrera, fikzioari tartea egin ziotela, ...